Errege bezperako egitarauan aldaketak izango dira Orion

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko urt. 4a, 16:53

2023ko urtarrilaren 5ean kiroldegian egin zitzaien ongi-etorria Errege Magoei. (Aiora Larrañaga)

Bihar goizean, bizarzuri kiroldegian izango da errege-gutunak jasotzen, 11:30etik 13:00etara; Errege Magoak, berriz, arratsaldez iritsiko dira herrira, eta zuzenean kiroldegian juntatuko dira oriotarrekin, 19:30ean.

Bihar, Errege egunaren bezperan iritsiko dira Errege Magoak Oriora, baina "herritarrak une gogorrak" pasatzen ari direla jakitun direnez, urteroko dinamika eta ordutegiak aldatzea erabaki du Orioko Udalak, "Urkoren familia, lagun eta gertukoek egingo dioten agurra errespetatu eta babesteko. Elkar zaintzea da aurtengoan egin dezakegun oparirik ederrena", azaldu dute ohar bidez.

Hala, honakoa izango da biharko egitaraua:

Goizean, bizarzuri kiroldegian izango da errege-gutunak jasotzen, 11:30etik 13:00etara.

Erregeak, berriz, arratsaldez iritsiko dira herrira, eta zuzenean kiroldegian juntatuko dira herritarrekin, 19:30ean. "Danbor-soinuak lagun, han goxatuko dugu Errege bezpera zuekin guztiokin batera, elkarren igurtzia bezalakorik ez dago-eta laztasunei aurre egiteko. Muxu eta besarkada handi bana eta aurki arte!"

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!