Inauteriak 2024

Irudimena eta sorkuntza gailendu dira gaurkoan Orion

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 10a, 16:30

Mozorro zein karroza ikusgarriak sortu dituzte oriotarrek inauteriak ospatzeko. Handia izan da herriko kaleak hartu dituzten pertsonaien aniztasuna.

Sekulako irudimena eta sorkuntzarako gaitasun aparta erakutsi dute oriotarrek gaurkoan; izan ere, mozorro ikusgarriak eta detailerik falta ez zuten karrozak izan dira ikusgai herrian. Aldarrikapenerako tarterik ere ez da falta izan.

Kuadrillan nahiz familian atera dira kalera inauteriak ospatzeko eta herriko plazan egin dute bat, bertan baitzuten hitzordua Burrunba elektrotxarangarekin 12:00etan. Euria egiteko mehatxua handia zenez, plazako estalpean egin dute musika saioa eta gogotik egin dute dantza bertaratuek. Euririk egiten ez zuela ikusita, Burrunbakoek kalejiran irtetea erabaki dute, baina hara non eta orduantxe hasi da euria. Hori horrela, berehala hartu dute buelta estalpera itzultzeko.

Musika saioa amaitutakoan, pilotalekurako bidea hartu dute oriotarrek eta mozorro desfile koloretsua eskaini dute. Denetarik ikusi da gaurkoan, arrain espezie ugari, bikingoak, indioak, futbolariak, Ferrariren lan taldea... Orain bazkaltzeko etenaldia egin badute ere, esan bezala, festa oraindik ez da amaitu. Aurki berrekingo diote frontoik bertatik abiatuko den txarangarekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!