Ikastolako eta Zaraguetako ikasleek jaso dute saria Emakumeak Zientzian programan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko ots. 18a, 10:18
Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako ikasleak ostiralean Donostian egin zuten sari banaketan. (Utzitakoa)

Atzo argitaratutako albistean Karkarak azaldu zuen Zaragueta Herri Eskolako ikasleek jaso zutela saria Emakumeak Zientzian programaren barruan, baina erredakzio taldeak jakin du Ikastolako ikasleen lana ere aitortu zutela ekimen berean. Hain zuzen ere, hiru sari jaso zituzten Ikastolako ikasleek: Bideo Autonomo eta Pertsonalenaren saria, Edizio onenaren eta Bideo aldarrikatzaileenaren saria eta sari sorpresa.

Emakumeak Zientzian programaren barruan, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Berdintasun Batzordeak antolatutako Elkarrizketa Ezazu Emakume Zientzialari Bat lehiaketan parte hartu zuten Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako ikasleek, eta bi ikastetxeek aitortza jaso dute egindako lanagatik. Ostiralean egin zen Donostian sari banaketa ekitaldia eta bertan izan ziren ikasle oriotarrak

Alde batetik, Zaragueta Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek kazetaritza lanik onenaren saria jaso zuten, Lohitzune Solabarrieta ikerlariari eskolako irratirako egindako elkarrizketagatik. Orioko Herri Ikastolako ikasleek, berriz, Bideo Autonomo eta Pertsonalenaren saria; Edizio onenaren eta Bideo aldarrikatzaileenaren saria, eta sari sorpresa jaso zituzten. Azken hori berezia izan zen. Izan ere, Ikastolak hiru lan bidali zituen lehiaketara eta horietako bat ondo iritsi ez zenez, hasiera batean antolatzaileek ez zuten kontutan hartu. Dena dela, sari banaketa ekitaldian ezustekoa izan zuten ikasleek, eta sari sorpresa eman zieten egin zuten lana aitortzeko. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!