Asteburuan jokatu du OBBk ligako lehen jardunaldia

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 5a, 09:34
OBBko jaurtitzailea Madrilen Dridma taldearen aurkako partidan. (OBB)

Hurrengo igandean etxean jokatuko du jardunaldia OBBk, Iruñeko Izaga taldearen aurka.

Asteburuan abiatu zuten Espainiako Ohorezko Sofbol Liga Nazionalaren denboraldi berria, eta Orioko Bate Bizkorrak taldeak lehen jardunaldia Madrilen jokatu zuen Dridmaren aurka. Gogotsu joan ziren oriotarrak Espainiako hiriburura partida jokatzera. Izan ere, aurreko denboraldian oso parekatuta ibili ziren bi taldeak; madrildarrak ligan hirugarren eta OBBn laugarren sailkatu baziren ere, Erreginaren Kopan elkarren aurka jokatu zuten eta OBB gailendu zen.  

Oraingo honetan ere halaxe izan da, jardunaldiko bi partidak oso berdinduak izan dira. Lehen norgehiagokan Dridma nagusitu zen 7-6 emaitzarekin, eta bigarren partidan oriotarrentzat izan zen garaipena, 10-8 emaitza lortuta. Talde mailan emaitza nabarmentzeaz gain, hainbat jokalarik egindako lana ere azpimarratu nahi izan du OBBk, Carla Novella eta Maialen Pisonek egindakoa hain zuzen ere. 

Ondo hasi du OBBk denboraldia, eta datozen hilabeteetan Nafarroa, Galizia, Katalunia eta Valentzia (Herrialde Katalanak), Madril eta Kanariar Uharteetako (Espainia) 10  talderen aurka neurtuko ditu indarrak Espainiako Ohorezko Sofbol Liga Nazionalaren. Hurrengo igandean, esaterako, OBBk Iruñeko Izagaren izango du aurkari etxean. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!