Ibai Makazaga: "Imanol Larrañagak parte hartu izan balu, ez nukeen irabaziko"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 12a, 13:53
Ibai Makazaga, igandean, txapela soinean. (Jabi Gonzalez Toston)

Igandean Zarautzen jokatu zen V. Mahasti Krosa hirugarrenez irabazi zuen Ibai Makazagak, eta garaipena eskuratu berritan, hedabide honen galderei erantzuteko tartea hartu zuen oriotarrak.

Nagusitasunez gailendu zara V. Mahasti Krosean, eta hirugarrenez irabazi duzu, gainera. Iaz baino lasaiago aritu al zara?

Beste era bateko lasterketa izan zen joan den urtekoa. Fisikoki askoz hobeto nengoen eta Imanol Larrañagarekin aritu nintzen mokoka proba osoan. Aurten berak parte hartu izan balu, aise menderatuko nindukeen. Ni orain ez nago maila horretan, lesio batetik osatu berri naizelako. Urtea hasi zenetik jokatu dudan lehenengo lasterketa da Mahasti Krosa. Ibilbide laburra delako erabaki nuen parte hartzea, zeren beste askori uko egin baitiet, Zegama-Aizkorriri, esaterako.

Bada, lehengo urteko denbora hobetu duzu.

Egia esan, ez diot denborari erreparatu. Akaso, Larrañaga gabe erritmo konstantea eraman dudalako izango zen. Iaz elkarri estutzen eman genuen lasterketa osoa. Horrez gain, lasterketa eremua lokaztuta zegoen orduan eta aurten garbi iritsi gara helmugara korrikalariak, lurra lehorra zegoelako.

Zegaman ez zara izango, baina izango duzu hurrengo lasterketarik buruan, ezta?

Ez dut bakar batean ere izenik eman oraindik. Min hartuta zaudenean ez duzu begiratu ere egiten zein lasterketa dauden egutegian. Dena den, jada hasi naizenez pixkanaka entrenatzen, ahaleginduko naiz itxaron zerrendaren batean sartzen. Lasterketa ugari geratzen dira jokatzeke eta izango dut lehiatzeko aukerarik. Zarauzko Pagoetan aspaldian ez dut parte hartu, eta aukera bat izan daiteke.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!