23. Korrika

Korrika Txikia, bideoan

Andrea Zipitria 2024ko mar. 19a, 19:00

Ozen entzun dira euskararen aldeko aldarriak gaur arratsaldean herrian, eskuz esku lekukoak pasatu dizkietelako elkarri Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleek, hasi zaharrenetatik eta txikienetaraino. Plazan amaitu dute Korrika Txikia denek elkarrekin, "egindako bideaz harro" eta "elkar hartuta pauso gehiago emateko" aldarrikapenarekin.

Gauerdian iritsiko da 23. Korrika Oriora, eta herritarrak hasi dira euskararen aldeko ekimen hunkigarrienerako giroketa lanak egiten. Saio horietako lehenean, 15:00etatik 16:00etara, Korrika Txikiak hartu ditu herriko kaleak hasi hondartzatik eta Ibai Ondora arte.

Plazan amaitu dute korrika saioa adin guztietako Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ehunka ikaslek, eta horietako bik irakurri dute lekukoaren barruko mezua. "Egindako bideaz harro" eta "elkar hartuta pauso gehiago emateko" aldarrikapena egin dute.

Ikusi hemen argazki bilduma.

Eguraldia lagun, herritar askok ikusi dute Korrika Txikia, eta giro polita sortu da. Giro horrek iluntzean izango du segida, 19:00etan bertso poteoa egingo dutelako Eneritz Artetxe eta Iñaki Gurrutxagarekin, eta kalez kale ibili ondoren, 20:30ean pintxo jana egiteko elkartuko dira herritarrak plazan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!