75 urte eta beste horrenbeste erronka

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 24a, 14:00
Talai Mendi elkarteko kideak. (Arnaitz Rubio)

Talai Mendi elkarteak 75 urte bete ditu aurten. Urteurren borobila eta berezia inondik inora, sortu zenetik asko aldatu delako Orio, oriotarrak eta horiek mendia bizitzeko duten modua. Mendi elkarteak, ordea, garaian garaira egokitzen, eta etorkizunean herrian mendirako zaletasuna eta kultura zabaltzen jarraitzeko gogotsu dira kideak.

Nork ez du parte hartu noizbait Talai Mendi elkarteak antolatutako irteera edo jardueraren batean? Mendi irteerak; dantza suelto eskolak; Kukuarri futbol taldea; boulderra; eskalada saioa elizako paretan; Bizar Zuri eta Errege Magoen kabalgata; jaiotzen eta Gabonetako abestien lehiaketa; umeentzako jolasak; diapositiba emanaldiak; Mendi Astea, eta Kukuarri Eguna... Zerrenda luzea da. Talai Mendi elkarteak 75 urte bete ditu aurten, eta argi dago urte hauetan guztietan herriko eragile garrantzitsua izan dela. Ez da beti lan erraza izan, ordea, jarduerak antolatzeko "boluntario lan handia" egin behar izan baitute askok. Ondo daki hori Dani Barrenetxeak, 1980eko hamarkadan hartu baitzuen elkartearen gidaritza Mila Oliden bere emazte zenarekin batera, eta hiru hamarkadaz aritu baitzen lan horretan. 20 urte inguru zituen Kukuarri elkartean parte hartzen hasi zenean, eta oraindik ere elkartearen bueltan jarraitzen du. 1949an sortu zen elkartea, Montañeros de Orio izenarekin. Kukuarri izena izan zuen ondoren, eta 1970. hamarkadaren bukaeran hartu zuen Talai Mendi izena. Ordutik, herriko jende asko pasatu da bertatik. "Ni hasi nintzenean beste talde bat ibiltzen zen mendi elkartean, neska eta mutil, eta haiei hartu genien lekukoa. Irteerak antolatzen zituzten, eta gure kuadrilla ere irteera haietan parte hartzen hasi zen. Izan ere, garai hartan herrian ez zegoen aisialdirako aukera askorik, zinema eta futbola, eta ni sekula kirolzalea izan ez naizenez, mendirako aukera ikusi nuenean, animatu egin nintzen", azaldu du Barrenetxeak. 

Urte askotan zehar, Talai Mendik hilean behin antolatu izan zituen irteerak inguruko mendietara: Aizkorri, Anboto, Udalaitz... Bazituzten egutegian markatutako beste zenbait mendi irteera finko ere: "Maiatzeko lehen igandean, esaterako, Andatzara igotzeko ohitura genuen. Maiatzeko azken igandean, berriz, gure eguna izaten zen, Kukuarri Eguna, eta Pagoeta Egunean parte hartzeko ohitura ere bagenuen", gogoratu du. "Familia giroan" egindako irteerak izaten ziren askotan, herrian mendiarekiko zaletasuna sustatzeko. "Seme-alabak izan aurretik herriko ikastetxeetako haurrekin joaten ginen, eta gureak izan genituenean, jarraitu egin genuen ohiturarekin. Garai hartan, Patxi Danbolinekin kantatzen ibiltzen ziren haurrak edo musika-tresnaren bat jotzen zutenak ere etortzen ziren kantuan eta musika joaz, eta giro polita sortzen zen. Goizean mendi buelta egin, eguerdian herriren batean etxetik eramandako bokadiloa jan, eta ondoren, haurrekin jolasak egiten genituen: sokasaltoa, dantza, baloia....".

Urteak pasatu dira, garaiak aldatu dira, eta "mendia bizitzeko modua" ere aldatu egin dela uste du Barrenetxeak. "Galtzen joan da lehengo filosofia, taldean eguna pasatzeko ohitura, alegia". Elkartera gazteak sartu zirenean, horiek zaletasun eta ohitura berriak txertatu zituztela aipatu du. "Esan ziguten nahiago zutela mendi irteera luzeagoak egitea, exijenteagoak, eta bazkaltzera etxera bueltatu. Horregatik, haurrekin irteerak antolatzeari utzi genion, horiek oso irteera errazak izaten zirelako. Hilean behin inguruko mendietara joateko ohiturari eutsi genion hasieran, baina hasi ginen irteerak antolatzen Pirinioetara, kanoien jaitsierak, eski irteerak eta gisa horretako planak".

Boluntariotza lana 

75 urtetan zehar mendi elkartearen ibilbidea "gorabeheratsua" izan da. "Garai batzuetan jende gehiagok parte hartu izan du, eta besteetan, gutxiagok. Irteeretara jende gutxi etortzen zen garai batean, esaterako, bururatu zitzaigun jendea erakartzeko Gipuzkoako Bira erronka gisakoa antolatzea". Mendi elkarteko kideak harrituta geratu ziren erantzunarekin, ehun lagun inguru bildu baitziren lehen egunean plazan. "Harrera oso ona izan zuen, ehun lagun ez, baina ekimen osoan zehar 75 inguru juntatu ginelako", ekarri du gogora Barrenetxeak. 

Talai Mendi elkarteko zuzendaritzako kide Mikal Etxeberriak uste du teknologiak ere "aldaketa handiak" eragin dituela mendia bizitzeko moduan. "Garai batean elkarte baten funtzioa garrantzitsua zen, bertako kideek ibilian-ibilian mendiko ibilbideak oso ondo ezagutzen zituztelako, eta mendira joateko aukera eskaintzen zietelako gainontzekoei". Gaur egun, ordea, ibilbide horiek lortu daitezke Internetez eta GPSaren laguntzarekin, eta bakarrik joateko aukera izaten du jendeak; "hau da, dagoeneko ez da beharrezkoa taldearen babesa. Gainera, eguneroko martxan murgilduta, inork ez du pentsatzen hemendik bi astera mendira joango ote den. Joan gaitezke nahi dugunean eta nahi dugun plana eginda, inorekin konpromisorik hartu gabe. Egun gutxiko tartearekin edo egun batetik bestera antolatzen dira irteerak, familian, lagun artean edo talde txikietan", azaldu du. Hala, garai batean mendiaren bueltan sortzen zen talde izaera "galdu" egin dela uste dute Talai Mendiko kideek. "Antolatzen genituen irteerek erantzun txikia izaten zutela ikusita, hilero-hilero antolatzeari utzi genion, boluntario ibiltzen den jendea ere nekatu egin delako", aitortu du Etxeberriak. Hain zuzen ere, Barrenetxeak eta Olidenek 30 urtetan zehar egin zuten lana balioan jarri nahi izan du gaur egungo zuzendaritzako kideak, "gaur egun oso zaila delako maila horretako konpromisoa duen jendea aurkitzea, eta ez da nolanahikoa beraiek eta beren ingurukoek egin zutena". 

Herriko eragile garrantzitsua

Mendi irteerez gain, herriko eragile gisa ere ekitaldi mordoa antolatu izan ditu Talai Mendik urte hauetan guztietan. Batzuk bertan behera geratu ziren duela zenbait urte, baina dantza ikastaroak, esaterako, mantentzen dituzte oraindik. "1980. hamarkadan hasi ginen Talai Mendi dantza eskolarekin Ikastolako eraikinean, Mila, Marikarmen eta Koro. Larunbatetan egiten genituen entseguak, eta hasiera hartan haurrei eta helduei zuzendutako saioak izaten ziren; gaur egun, berriz, helduak biltzen gara asteazkenetan KTA eraikinean 21:00etatik 22:00etara. Nahi duenak irekita ditu ateak". 40 urte hauetan hainbat saio eta emanalditan parte hartu dute: herriko festetan Iñude eta Artzainen desfilea eginez, Errenteriako Erromeri Egunean, Balea Egunean, Gabonetako Herribil ekitaldian... "Horrez gain, garai desberdinetako Orioko dantzarien emanaldia ere egin genuen, eta bertan elkartu ginen 1960. hamarkadatik 1980. hamarkadara bikoteen dantza txapelketetan ibilitakoak eta garaiko Harribil dantza taldeko kideak", azaldu du Marikarmen Oliden dantza eskolako kideak. 

Dantza eskolaz gain, Bizarzuri eta Errege Magoen kabalgata antolatzeko lekukoa duela urte gutxi pasatu zion Talai Mendik udalari. "40 urtez antolatu genituen urtarrilaren 5ean bi ekitaldiak, baina azken urteetan sumatzen genuen entseguetan-eta inguruatzen zen jendea ez zetorrela bat gure ikuspegiarekin. Gizartea aldatu egin da, eta gaur egun jendeak ikusi nahi du desfilea, baina oso gutxi izaten dira esku bat botatzeko prest. Nik neuk uste dut parte hartuz gehiago gozatzen dela ikusle soil bezala joanez baino, baina jendartearen gehiengoak ez du horrela pentsatzen". Barrentxeak gogoan du urte batean, zubiaren beste aldean haurrak eta txaranga listo jarri, Errege Magoak prestatu, eta ibilbidea hasteko zubian soka luzatu zutenean, dozena bat lagun bakarrik zituztela sokari eusteko. "Errusta tabernako parera etorri nintzen korrika eta ikusle gisa zeudenei esan nien jendea behar genuela soka eusteko eta antortxak eramateko. Mesede eske joanda ere, oso jende gutxi animatu zen. Une hartan etsipena sentitu nuen. Beste urte batzuetan jarraitu nuen, baina lehengo ilusiorik gabe", azaldu du Barrenetxeak, etsita. Orain, berriz, Errege Magoen desfilean parte hartzen duen haur bakoitzeko heldu batek parte hartu behar du derrigorrez antolakuntzan. "Gu ez ginen iritsi sekula inor behartzera, zortea genuen kuadrilla handia ginelako eta modu batera edo bestera moldatzen ginelako. Gure seme-alabak hazten joan diren bezala, eurak ere animatu dira mendi elkarteak antolatzen dituen ekimenetan boluntario ibiltzera, baina une batzuetan ez zen nahikoa izan, eta etsipena sortu digu askotan".

Etorkizuna

Gizarteak izandako aldaketen aurrean, mendi elkarteak ere eraldatu egin behar izan du bere jarduna. "Jendea zerk erakartzen duen asmatu ezinik ibiltzen gara askotan. Azken urteetan Mendi Astean eta Kukuarri Egunean jartzen dugu indarra. Gauza mordoa antolatzen ditugu; batzuekin arrakasta handia izaten dugu eta, hurrengo batean, berriz, ez du inork parte hartzen", aitortu du Mikal Etxeberriak. Dena dela, elkartearen 75. urteurrena ospatzeko saiatuko dira 2024an zehar ia hilero mendiarekin erlazionatutako jardueraren bat antolatzen: hitzaldia, mendi irteera Gorbeara, Mendi Astea, landare inbaditzaileak jasotzeko saioa... "Gustatuko litzaiguke herritarrak parte hartzera animatzea", egin dute gonbita. 

Aurrera begira, Talai Mendirentzat zer nahi luketen galdetuta, Barrenetxeari gustatuko litzaioke "hasierako filosofia berreskuratu eta hilean irteera bat antolatu" eta 20-25 lagun inguru juntatzea. "Badakit horretarako jendeak parte-hartze aktiboa behar duela. Nora joan pentsatu behar da, deialdia egin eta ibilbidea erabaki. Gaur egun teknologiak mendian ibiltzea asko errazten badu ere, nire ustez garrantzitsua da arduradunek aurretik ibilbidea egitea, mendira talde batekin joandakoan ezin delako ibili unean-unean bidegurutzean zein bide hartu erabakitzen". Gaur egun Talai Mendi elkartearen barruan badaude interes beraren bueltan sortu diren taldeak: mendi trail taldea edo eskalada taldea, esaterako. Horiek beren artean antolatzen dira irteerak antolatzeko, eta egiten dituzte txangoak. Barrenetxearen eta Etxeberriaren ustez polita litzateke Talai Mendi elkartearen barruko talde horien jarduna zabaltzea, eta deialdi irekiak antolatzea, herriko jendea ere gerturatu dadin kirol horietara. "Adibidez, talde bat Gipuzkoako mendiren batean ibilbidea korrika egiteko geratzen bada, mendian ibiltzea atsegin dutenak joan daitezke ibilbide bera edo laburragoa oinez egitera; autobusa antolatuko genuke horretarako". Talai Mendiko bi kideen iritziz, herri mailan mendiaren bueltan urteetan izan den giroa piztea polita litzateke, elkarteak, garai berrietara egokituta, aurrera egin dezan. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!