Euskadiko Eskalada Txapelketa irabazi dute Eneka eta Lur Guenetxea aita-semeek

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 23a, 16:00
Eneka, Lur eta Manex Guenetxea joan den larunbatean Berangoko rokodromoan, sariak eskuetan. (Utzitakoa)

Berangon (Bizkaia) jokatu zen txapelketa joan den larunbatean, eta bi oriotarrak nor bere kategorian gailendu ziren: Lur Guenetxea 14 urtez azpikoetan, eta Eneka Guenetxea, berriz, 50 urtetik gorakoetan. Manex Guenetxea ere lehiatu zen 18 urtez azpikoetan, eta hirugarren egin zuen.

Bizkaian, Berangon, jokatu da Euskadiko Euskadiko Eskalada Txapelketa, Sputnik rokodromoan, joan den larunbatean, martxoak 16. Hiru oriotar igo ziren podiumera, hirurak familia berekoak: Eneka Guenetxea aita eta Manex eta Lur Guenetxea semeak.

Enekak eta Lurrek txapela eskuratu zuten nork bere kategorian; 50 urtetik gorakoetan, eta 14 urtez azpikoetan (12 urte ditu Lurrek). Manex, berriz, hirugarren izan zen 18 urtez azpikoetan (16 urte ditu). Etxeko gazteenak lehenengo aldiz parte hartu du Euskadiko Txapelketan, eta haren senitartekoek azaldu dute "igandean artean sinetsi ezinik" zegoela.

Boulder txapelketa izan zen, hau da, blokekoa, eta seniorretan Andoni Esparta eta Idoia Martinez izan ziren txapeldunak. Antolatzaileek azaldu dutenez, "final gogorra" izan zen, eta partaideek "maila bikaina" erakutsi zuten. 207 lagunek eman zuten izena lau kategoritan: 14 urtez azpikoak, 16 urtez azpikoak, 18 urtez azpikoak, seniorrak eta 50 urtetik gorakoak, eta "Euskadiko Txapelketa eskaladaren festa bihurtu zen, 08:00etan hasi eta goizaldean amaitu zena, mereziako ospakizunekin".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!