Aste Santuan iazko antzeko bisitari kopurua jaso dute kanpinean nahiz Turismo Bulegoan

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 3a, 12:20

Artxiboko irudian, autokarabana bat eta bizikletak Orioko udal kanpinean.

Pazko asteko datuak iazkoak baino hobeak izan dira aurten bai udal kanpinean, bai Turismo Bulegoko bisitetan, "eguraldia dela eta". Jaiegun ofizialetan, berriz, jaitsiera egon da arrazoi beragatik. Egun guztiak kontuan hartuta, ordea, "iazkoaren antzekoak" dira datuak Adrian Garcia Turismo teknikariak azaldu duenez.

Aste Santuak atzean gelditu dira, eta datuak esku artean, iritsi da haien balorazioa egiteko unea. Orion sasoi horretan irekitzen ditu ateak udal kanpinak, eta Turismo Bulegoak ere bisitariak jasotzen ditu. Bateko eta besteko datuak aintzat hartuta, "iazkoaren antzekoak" direla azaldu dio hedabide honi Adrian Garcia Orioko Udaleko Turismo teknikariak. "Jai egunei dagozkien datuak iazkoak baino zertxobait baxuagoak dira, baina normala da, eguraldia kontuan hartzen bada", adierazi du.

"Pazko asteko datuak hobeak dira iazkoak baino, hor nabaritzen da eguraldiaren eragina bisitetan, baita kanpineko datuetan ere", azaldu du. Gainerakoan, "joera historikoek" jarraitzen dute: "Gertuko turismoa, Hego Euskal Herrikoa, garrantzitsua da guretzako, nahiz eta profil horretako bisitariak ez diren beti gerturatzen turismo bulegora, dagoeneko ezagutzen dutelako herria".

Penintsulako bisitariei dagokienez, Katalunia eta Madril dira "Orioko merkatu nagusiak", eta atzerritarrei dagokienez, Frantzia. "Jaiegunetatik kanpo, bisitari alemaniarren gorakada" ere nabaritu du Garciak.

Iazko eta aurtengo datuak

Datuei erreparatuta, udal kanpinean bungalowen okupazio maila antzekoa izan da iaz eta aurten, Aste Santuak bere osotasunean hartuta –hamabost eguneko datuak bildu dituzte–. Iaz %38koa izan zen okupazio maila, eta aurten, %39koa. Jaiegunetan, ordea, eguraldiak eragin nabarmena izan du, iaz %81,18koa izan baitzen okupazioa, eta aurten, berriz, 21 puntu apalagoa, %60ekoa.

Partzeletan aldea nabarmenagoa izan da, bereziki jaiegunuetan –iaz %88koa izan zen okupazio maila, eta aurten, %39koa–, baina baita orokorrean ere –iaz %51 eta aurten %38–.

Turismo Bulegoan izan diren bisitariei dagokienez, berriz, oso antzekoak dira iazko eta aurtengo datuak, iaz 268 lagun izan baitziren bulegoan, eta aurten, 251. Hori bai, aurten hamabi egunetako datuak pilatu dituzte, eta iaz, egun bat gehiagokoak, guztira, hamahiru egunetakoak.