Herriko merkataritza planaren diagnosia herritarrei eta merkatariei aurkezteko saioa antolatu dute

Andrea Zipitria 2024ko api. 21a, 09:00

Kontsumitzaileekin eta sektorearekin bildu da Dendartean federazioa, eta diagnosia osatu du. Datorren asteartean, datuak, ondorioak eta hausnarketak herritarrekin partekatzeko asmoz, saio irekia iragarri du udalak. Kultur etxean izango da.

Orioko Udalak iragarri du merkataritza planaren lehen urratsa bukatu berri dela; diagnosiarena, hain justu ere. Hala, diagnosiaren datuak, ondorioak eta hausnarketak sektorearekin eta herritarrekin partekatzeko asmoz, saio ireki bat antolatu dute datorren astearterako. 14:30ean izango da, kultur etxean. Udalak herritarrak eta merkatariak gonbidatu ditu bertara.

Lehen fasean kontsumitzaileei eta sektoreari elkarrizketak eta inkestak egin zaizkie, herriko eskaria eta eskaintza aztertuz. Datu horiek talde bileretan kontrastatu dira ondoren eta, horrez gain, Orioko hirigintza analizatu da, merkataritza, zerbitzu enpresa eta ostalaritza ikuspegitik.

Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Federazioa ari da egiten plana, eta helburu du herriko denden, zerbitzuen eta ostalaritza establezimenduen egoeraren diagnosia egitea, ekonomia zirkularra bultzatzeko. Diagnosiaren emaitza kontuan hartuta, hurrengo pausua izango da ekintza plan bat osatzea, sektorea indartzeko neurriak hartzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!