Festa giroa nagusi, Nazioarteko Estropadetarako ordu gutxiren faltan

Maria Maya Manterola 2024ko api. 20a, 15:00

Arrauna da gaurko hitzordu garrantzitsuena, baina Nazioarteko Estropaden aitzakian, festa giroa izan da nagusi Orion goizetik. 

Nazioarteko Estropaden harira, askotariko jardurak izango dira gaur egun osoan zehar Orion. Goizean, esaterako, Mutiozabal ontziola bisitatu ahal izan dute herritarrek, eta arotzak zuzenean ikusi lanean. 

Eguerdi parterako, jendetza bildu da plazan. Arkuperen Erruleta Solidarioan hasterako ilara luzea osatu dute bertaratutakoek, eta merkatarien eta ostalarien elkartearen eskutik, zenbait abantaila eskuratzeko aukera izan dute oriotarrek. 

Parrillak piztu dituzte ordurako. Berdela parrillan erreta dastatu ahal izan dute, garagardoaz lagundurik. Arratsaldean ere ez da festa girorik faltako: 16:30ean hasiko dute estropada errioan; jarraian, Jainekin txaranga arituko da kalez kale; 19:30ean sari banaketa eta Javier Puertasi eta Dionisio Redondori omenaldia egingo diote plazan; eta, eguna behar bezala borobiltzeko, DJ Bonen emanaldia izango da plazan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!