Orioko Futbol Taldeak zuzendaritza berria izango du datorren denboraldian

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 23a, 13:00
Artxiboko irudian, oriotarrak Mendibeltz futbol zelaian partida bat jokatzen.

Klubak ohar bidez jakinarazi du dagoeneko badaudela "zuzendaritza berri batean sartzeko prest dauden bazkide batzuk", baina "ateak zabalik" daudela lantalde horretan aritzeko "interesa duten guztientzat, bereziki emakumeentzat". Ezohiko batzarra egingo dute zuzendaritza berriaren hautaketa prozesua abiatzeko.

Ziklo aldaketa etorriko da Orioko Futbol Taldera 2024-2025 denboraldian. Izan ere, gaur egungo zuzendaritzak erreleboa emango dio talde berri bati. Klubeko presidente Harkaitz Agirrek ohar bidez jakinarazi du dagoeneko badaudela "zuzendaritza berri batean sartzeko prest dauden bazkide batzuk", baina "ateak zabalik" daudela esan du "lantalde horretan aritzeko interesa dute guztientzat, bereziki emakumeentzat".

"Hainbat urtetako ibilbide oparo baten ondoren, gure elkartearen zuzendaritzan haize berriak sartzeko momentua iritsi dela uste dugu", azaldu dute oharrean. Ez alferrik, Agirrek berak hamarkada bat baino gehiago darama zeregin horretan, eta Maria Eugenia Atxegak, berriz, ia hiru hamarkada.

Egungo zuzendaritzako kideek gogorarazi dute Orioko Futbol Taldea oso errotuta dagoela herrian, eta 300 neska-mutil baino gehiago dabiltzala klubean: "Orion hain errotuta dagoen kirol elkarte honi segida on bat bermatze aldera, bazkide guztiak animatu nahi ditugu proiektu honetan parte hartzera, modu batean edo bestean, elkarteari hauspo berri bat emanez. Egun Orion futbolean aritzen diren 330 neska-mutilek merezi dute eta!".

Klubak hurrengo egunetan deialdia bidaliko die bazkide guztiei ezohiko batzar orokorrean parte har dezaten, eta han jarriko dute martxan zuzendaritza berriaren hautatze-prozesua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!