Orioko Herri Ikastolak Aste Kulturala ospatuko du ostegun eta ostiral honetan

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 24a, 19:01
Iazko Aste Kulturaleko boluntarioak, irribarretsu taldeko argazkian. (Orioko Herri Ikastola)

Ostegun arratsaldean adin guztietako ikasleak bi orduz ariko dira kantuan gelditu gabe, txandaka, plazoletan, Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko lelopean. Iluntzean, bakarrizketa saioak egongo dira Gaztetxean, doan. Ostiral arratsaldean, berriz, haur eta familientzako ginkana izango da aurrena, gero II. Elbira Zipitria eskertza-omenaldia egingo dute, eta bukatzeko, barrikotea eta Elene Udane Ostolaza ahizpekin erromeria.

Iaz bezala, aurten ere Aste Kulturala antolatu du Orioko Herri Ikastolak, ikastetxeko komunitate osoarekin ez ezik, herritarrekin ere hainbat ekintza partekatzeko. Horregatik, herritar guztiak animatu dituzte saioetan parte hartzera, bereziki, ikastola osatzen duten familiak: "Egitarau interesgarria eta parte hartzailea antolatu da Ikastolako Kultura lantaldetik, baina familien inplikazioa eta parte hartzea ezinbestekoa da guretzat. Beraz, hurbildu zaitezte ekintzetara eta gozatu", adierazi dute ikastolako arduradunek.

Egitarauak bi egun iraungo ditu, larunbaterako prestatutako ekintza atzeratu egin baitute eguraldi txarra iragarrita dagoelako. Horiek aurrerago egingo dituzte.

Hala, ostegun eta ostiral arratsaldez izango dira Aste Kulturaleko ekintzak. Aurreneko ekintzan ikastolako ikasleak izango dira protagonista. "Ondorengo erronka bota genien: gai ote gara bi orduz jarraian euskarazko abestiak kantatzeko? Erronka bota, eta bai onartu ere!", azaldu dute.  Talde bakoitzak abestiak aukeratu ditu, eta 14:30ean hasi eta 16:30 arte jardungo dira kantuan taldeka,  txandaka, etenik gabe. Plazoletan da hitzordua, eta Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko izena jarri diote egitasmoari.

Bigarren saioa umoreari lotutakoa izango da, eta Gaztetxean kokatu dute. Izan ere, 19:00etan hasita, lau bakarrizketa saio ikusteko aukera izango dute herritarrek. Ander Maldabi, Mirari Martiarena, Idoia Torregarai eta Julen Portillo igoko dira oholtzara. Doako saioa izango dela jakinarazi dute.

II. Elbira Zipitria eskertza-omenaldia, Lertxundi eta Zugastiri

Ostiralean, berriz, plazan egingo dituzte Aste Kulturaleko ekintza guztiak, aurrenekoa izan ezik. 18:00etan haur, gazte eta familientzako ginkana egingo dute DBH3ko ikasleek antolatuta, eta herrian barrena ibiliko dira parte hartzera animatzen direnak, plazatik abiatuta. 

19:00etan, berriz, II. Elbira Zipitria eskertza-omenaldia egingo da. LHko ikasleek lau abesti abestuko dituzte Ane Blazquez DBHko ikaslearen pianoaren laguntzaz, eta aitortza egingo zaie Benito Lertxundiri eta Olatz Zugastiri, "herriari eta Ikastolari egindako ekarpenagatik". Omenduen abestiak kantatuko dituzte. Aurrerago, ekainean, "etxe barruan egingo diete omenaldi pertsonal eta xumea" bi musikariei.

Amaitutakoan, 19:30 inguruan, barrikotea egongo da, eta Elene eta Udane Ostolaza ahizpen emanaldia hasiko da. Trikitixaren eta panderoaren laguntzaz kupela ireki eta nahi duenak bertan mokadutxo bat egiteko aukera izango du. DBH3ko ikasleek patata tortila pintxoak eskainiko dituzte, baina norberak etxetik jana eramatea ere badauka, mahaiak eta aulkiak jarriko baitituzte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!