Aisialdian ere, arrauna herritarren eskura

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mai. 4a, 09:00

Oria Bizi elkarteko kideetako batzuk, erreportajerako elkartuta. (Arnaitz Rubio Aprea)

Duela hiru urte eman zituen lehen urratsak Oria Bizi proiektuak, eta orduan ametsa zena egia bihurtu da. Aisialdian arraunean egiteko aukera eskaintzen die herritarrei ongizatea helburu duen elkarteak, Oria itsasadarreko natur ondare paregabeak aprobetxatuz. Auzolana eta osasuna ditu ardatz egitasmo berriak. Karkara aldizkariaren apirileko zenbakiko erreportajea da honakoa.

Orion arrauna bizi egiten da, sentitu, tradizioa baino zerbait gehiago delako. Ehunka gazte pasatu dira arraun elkartetik, baina behin txapelketetatik erretiratutakoan, oso gutxik izan dute arraunean jarraitzeko aukera. Sekula arraunean egin gabeko oriotar asko ere bada, horretarako ilusioa izan bai, baina gaztetan jardun ez zirenez, arantza geratu zaienak. Hala, aisialdian arraunean egiteko dagoen hutsunea betetzeko asmoz sortu dute Oria Bizi elkartea. Zergatik ez? proiektuari amaiera emandakoan eman zituen lehen urratsak ideiak. "Urte eta erdiko ibilbidea izan zuen emakumeak arraunera gerturatu zituen egitasmoak, eta batzuek erakutsi zuten jarraitzeko gogoa, baina une hartan herrian ez zegoen horretarako aukera eskaintzen zuen elkarterik", azpimarratu dute Oria Biziko kideek.

Sorkunde Lizaso da Zergatik ez? proiektuan parte hartu zuten emakumeetako bat, eta argi du egitasmoak ate berri bat ireki ziela bertan jardun zuten kideei. "Emakume asko konturatu ginen baginela gai arraunean egiteko; arraunean egiteko ez zela goi mailako kirolaria izan behar, edo ez zela beharrezkoa forma fisiko jakin bat izatea. Alegia, nork bere mailan, edonork egin dezakeela arraunean. Argi genuen ez genuela txapelketetan aritu nahi, nahi genuena zen arraunaz eta errioak eskaintzen dituen inguru paregabeez gozatzea". Ekindako bideari jarraipena emateko eta herrira zabaltzeko gogoa zuten, eta testuinguru horretan sortu zuten Oria Bizi. Proiektua hainbat oinarritan errotuta dago: arrauna, ongizatea, auzolana eta harreman sarea.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Oria Biziren abiapuntua arrauna da, baina proiektuaren "oinarrian ongizatea" dagoela argitu dute kideek. "Guk nahi dugu Oria Bizin parte hartzen duten herritarren ongizatea hobetu. Horregatik, arraun elkarte gisa definitu beharrean, erabaki genuen taldea ongizate elkarte bezala eratzea. Errioa bizi eta inguru horrek eskaintzen digun natur ondare paregabeaz disfrutatu nahi dugu arraunean, baina ari gara ibaian egin daitezkeen beste kirol jarduerak egin ahal izateko harremanak lantzen ere: piragua, arraun surfa edo denborarekin etortzen dena", nabarmendu du Tubal Lakuntzak. Izan ere, errioak eskaintzen duen "altxorrari" eman nahi diote balioa. "Oso oriotar gutxik dute aukera herria erriotik ikusteko, Oriako itsasadarrak gordetzen dituen inguruez gozatzeko. Txoko horiek guztiak ezezagunak dira gehienontzat. Natur ondare paregabea dugu, eta merezi du ezagutaraztea", gehitu du Itoitz Gurrutxagak.

Zentzu horretan, Aitor Errastik Oreñak filma ere ekarri du gogora. "Duela hiru urte estreinatu zen ikus-entzunezkoa, Oria Bizi proiektuarekin lehen urratsak egiten ari ginen garaian. Oriaren inguruan egina dago, Orio eta Aginaga artean. Mutil koskorretan ibiliak ginen gu ibaian, baina berriz ere paraje horiek pantailan ikusi nituenean ohartu nintzen herrian bertan genuen altxorraz". Horregatik, Oria Bizi herriarentzat egitasmo egokia dela uste dute, "pare-parekoa, arraunak ingurua eta natura errespetatzen dituelako". "Ez dago errioko oreka apurtzen duen motorrik, jasangarria da guztiz ingurunearekin". Errioan jarduteaz gain, itsasora ere ateratzen dira Oria Biziko kideak. Itsasoko arraunketa mugikorreko ontziak dituzte nagusiki, eta horiek aukera ematen diete ibaian zein itsasoan aritzeko. "Eguraldi ederrarekin, eta itsasoa bare-bare dagoela, barra muturretik atera eta arraunean Moilarri aldera joatea sekulako esperientzia" dela aitortu dute.

Ongizatea

Oria Bizi elkarteak hiru urte daramatza proiektua lantzen. Zergatik ez? ekimena amaitu zenean, Lakuntza hasia zen gaiari bueltaka. "Herrian askotan esan izan da falta zela aisialdian arraunean egin ahal izateko proiekturen bat. Gure kuadrilla, esaterako, arraun elkartearen inguruan sortu zen gaztetan, eta ia guztiak arraunean ibilitakoak gara. Askotan hitz egin dugu gaiaz. Batzuk badira uste dutenak arrauna txapelketen bueltan egiten dena dela, eta beste batzuek, berriz, sinesten dugu arrauna herriaren ondarea dela, eta herritar guztiek izan behar luketela aukera nahi izanez gero arraunean egiteko ". Bere kuadrillan bezala, Lakuntzak sentipena dauka herrian ere askotan jarri dela eztabaida hori mahai gainean, "baina urte hauetan guztietan ez da inor ausartu urratsa ematera", azaldu du.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Zergatik ez? proiektuaren azken afarian ere, zenbait parte hartzailek erakutsi zuten egitasmoari jarraipena emateko grina. "Argi zegoen arraun elkartetik hori ez zela posible izango, eta beste elkarte bat sortu behar zela herrian aisialdiko arrauna sustatzeko". Hala, buruan zebilkien ideia Errastiri komentatu zion Lakuntzak udako igande arratsalde batean, eta bera ere animatuko zela erantzun zion lagunak. Ordurako Zergatik ez? taldean ibilitako emakume batzuk Donostiara joaten hasiak ziren arraunean egin ahal izateko, eta ekimenean interesa izan zezaketen beste batzuekin jarri zen harremanetan Lakuntza. Zazpi lagun bildu ziren hasiera hartan, eta pixkanaka joan ziren sarea sortzen. "Garbi genuen zer nahi genuen eta zein izango zen bide-orria, baina ideiari legalki dagokion forma emateak denbora eskatu digu, argi genuelako Oria Bizi geratzeko zetorrela, eta horretarako, erakundeen babesa behar genuela".

Bide horretan, Oria Bizi ezagutarazteko asmoz Orioko Udalera jo zuen taldeak, eta hasieratik "oso erantzun ona" izan zuela nabarmendu dute. "Aurrera egin aurretik jakin nahi genuen zer iruditzen zitzaien udal ordezkariei, eta lehendabiziko momentutik oso ondo hartu zuten, agian ikusi zutelako proiektua bat zetorrela herriko izaerarekin eta Orio errioaren bueltan bizi den herriaren kontzeptuarekin". Horregatik, urratsez urrats joan dira, eta saiatu dira "gauzak ondo egiten, inorekin lehian sartu gabe". Izan ere, horrelako proiektu bat ez da egun batetik bestera sortzen. "Gu etorri gara herriko arraun eskaintza osatzera, hutsune bat betetzera, polemiketan sartu gabe. Argi dugu elkarteko kideen ongizatea dela helburua, eta bide horretan ez da sartzen inolako gatazkarik".

Arrain nahastua

Gaur-gaurkoz, Oria Biziko kideak "arrain nahastua" bezala definitu ditu Aitor Errastik. "Hainbat belaunalditakoak bildu gara, geure artean zerikusi gutxi dugun jendea. Sekula imajinatuko ez genukeen herritarrek bat egin dute proiektuarekin". Gazteenak 25 urte inguru ditu, eta nagusienak, 68.

Gizon zein emakume daude. Hain zuzen, "aniztasun hori oso aberasgarria" dela uste dute. Elkartera gerturatzeko arrazoiak ere askotarikoak izaten dira: "Batzuk arraunean egiteak eskaintzen dien onura fisikoagatik etortzen dira; beste batzuk eguneroko arazoez ahazten eta burua lasaitzen laguntzen dielako, eta badira betidanik arraunean ikasteko gogoa izan eta horretarako aukera aurkitu dutenak ere". Oria Biziko kideek sentitzen dute oriotar askok dutela gaztetan arraunean egin ez izanaren pena. "Azken urteetan aldatu bada ere, hamarkada askotan zehar, esaterako, oso emakume gutxi jarduten zen arraunean. Horrek ez du esan nahi emakumeek arraunean egin nahi ez zutenik, egoerak baldintzatuta gerturatzen ez zirela baizik. Gauza bera gertatzen da gizonezkoekin ere, agian batzuk ez ziren bere garaian animatu, baina aukera berriak sortzen dira, eta Oria Bizik arraunerako ateak ireki nahi dizkie herritar guztiei".

Horrez gain, heldutan kirola egiteko ohiturak ere izan du garapen bat, eta "asko handitu da azken hamarkadetan". "Lehen adin batetik aurrera kirola egiten zutenak oso gutxi izaten ziren. Gaur egun, guztiz aldatu da jarduera fisikoa ulertzeko modua, eta oso ohikoa da helduak igeri egitera, bizikletan ibiltzera, mendira edo kiroldegira joatea". Oria Bizi testuinguru horretan kokatzen da. "Orain aisialdian arraunean ere egin daiteke Orion, ongizatea zaintzeko jarduera gisa".

Auzolana

Oria Biziren beste ardatzetako bat auzolana da. "Gure asmoa da geronen artean elkar laguntzea, dakienak ez dakienari erakustea, eta guztiok elkartean parte hartzea". Urte hasieran, esaterako, ontzien mantenua egiteko deialdia zabaldu zuten, eta bazkide gehienak bildu ziren hitzorduan. "Ontzi guztiak askatu, txukundu eta garbitu genituen, udaberrian berriz ere erabiltzeko moduan egon daitezen".

Filosofia bera jarraitzen dute uretan ere, eta arraunerako hitzorduak jartzen dituztenean biltzen diren arraunlarien arabera, talde anitzak osatzen saiatzen dira. "Gu izan gaitezke lagun minak, baina horrek ez du esan nahi beti ontzi berean arraunean egingo dugunik. Tarteka aterako gara elkarrekin, baina ez beti. Ez dakienak dakienarengandik ikastea nahi dugu, alferrikakoa delako atea irekitzea, ezagutza hori dakitenen artean geratuko bada. Horregatik, saiatzen gara arraunaren inguruko ezagutza transmititzen, pixkanaka hasiberriak ere autonomoak izateko". Horretarako, Oria Bizi elkartera gerturatzen diren herritarrak ia lehen egunetik ateratzen dira uretara. Hasiberriek aurrena ergometroan eta fosoan lantzen dituzte jarrera eta teknika. "Oinarri-oinarrizkoa ulertuta dagoela ikusten dugunean, ontzia ateratzen dugu probatu dezaten; pantalan aurrean jarduten dute aurrena, sokarekin lotuta. Eta, autonomia hartzen dutenean, bakarrik edo taldean arraunean egiten dute ibaian".

Harreman berriak

Oria Bizi moduko elkarteak hemen inguruan ezohikoak badira ere, Europako gainontzeko herrialdeetan aisialdian arrauna egitea "oso normala" dela azaldu dute taldeko kideek. Lakuntzak eta Errastik Erresuma Batura egindako bidaia batean ikusitakoa ekarri dute gogora: "Duela hamabost urte joan ginen Londresera beteranoen jaitsiera batean parte hartzera. Irteera aprobetxatu genuen turismoa eta kirola uztartzeko, eta harrituta geratu ginen arraunerako zegoen zaletasunarekin. Oso ohikoa zen jendea lasai-lasai ibaian barrena skifean ikustea. 80 urtetik gora zituen aitona bat ere topatu genuen. Gazte batek lagundu zion ontzia ur ertzera eramaten, eta saioa egin ondoren, baita jasotzen ere, baina bitartean, bera lasai bili zen uretan arraunean. Orio arraunari estuki lotuta dagoen herria bada ere, hemen pentsaezina da hori, eta joera hori aldatu nahi dugu".

Europan, esaterako, arraunaren inguruan biltzen diren elkarte sozialak oso ohikoak direla azaldu dute Oria Biziko kideek. "Arraunean egiteko aitzakian biltzen dira, baina elkarte gastronomiko modukoa dute bertan juntatzeko. Arraun giroan elkartzen dira, eta horren bueltan egiten dute bizitza soziala. Gainera, adina ez da oztopoa izaten". Oria Biziko kideek ere, arraunerako biltzeaz gain, egiten dituzte afariak eta beste mota bateko irteerak. "Udaberrian, esaterako, Frantziako jaitsiera batean parte hartuko dugu, eta irteera antolatzen ari gara egun batzuetarako".

Askotan, jarduera fisikoak eskaintzen dituen onurez hitz egitean alderdi fisikoa nabarmentzen bada ere, aspektu psikologikoa ere hartzen dute kontuan Oria Biziko kideek. "Jende berria ezagutzea eta horiekin sozializatzea oso aberasgarria da. Orion jaioak garenok betidanik ezagutzen dugu elkar, baina bizilagunak izan arren agian ez dugu izan aukerarik harremana izateko, adin tarteagatik edo beste hainbat arrazoigatik ez dugulako kointziditu. Oria Bizik, ordea, ematen du aukera gure ingurukoa ez den herriko jendea ezagutzekoa, eta ezusteko oso atseginak hartzen dira".

Aurkezpen ofizialaren faltan, orain arte ahoz ahoz zabaldu da Oria Biziren proiektua, eta jende asko ari da gerturatzen ekimenaren filosofiak erakarrita. Errastiren ustez jendeak badu interesa, "baina proiektuak izaten duen eboluzioaren zain" daude batzuk. Beste batzuk, berriz, animatu dira dagoeneko Oria Bizirekin arraunean egitera. "Gaur-gaurkoz 31 bazkide gara, baina udaberritik aurrera probatzeko asmoz jendea gerturatu zaigu dagoeneko. Bada interesa, baina negu partean ez gara gehiegi uretara atera, eta gimnasioko lana egiten aritu gara nagusiki, ergometroan eta". Udaberrian helduko diote berriz martxari, eta arraunean egin nahi dutenek eta beren filosofia partekatzen dutenek "ateak zabalik" dituztela nabarmendu dute.