Emakumeen arraun taldeak baja garrantzitsuekin ekingo dio denboraldiari, baina "talde lehiakorra" onduta

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 2a, 17:00

Oriotarrak, artxiboko irudian, estropada batean lehiatzen.

Euskotren Ligak orain aste gutxi argitaratu zituen ligan arituko diren arraunlarien behin-behineko zerrendak, eta Orio Arraunketa Elkarteko taldean bederatzi baja zenbatu daitezke. Dena den, baikorra da Patxi Frances entrenatzailea.

Hilabete eskas gelditzen da tostako arran denboraldia hasteko, eta Euskotren ligak orain aste gutxi argitaratu ditu ligan ariko diren arranlarien behin-behineko zerrendak. Orio Arraunketa Elkartearen senior taldean bederatzi baja dituzte, baina zailtasunak zailtasun, Patxi Frances entrenatzaileak uste du "talde lehiakorra" osatzea lortu dutela.

Gipuzkoako Txapelketarekin hasiko da denboraldia –ekainaren 2an, Hondarribian–, eta gero Euskadikoa eta Espainiakoa etorriko dira, eta ondoren, Euskotren ligaren txanda iritsiko da –ekainaren 29an hasiko da, Galizian–.

"Taldea moralki oso ondo dago, aurreko bi urteetan baino talde justuagoa dugun arren", azaldu du entrenatzaileak, eta bederatzi baja zenbatuta, uste du falta zaiena baino, daukatena azpimarratu behar dela: "Hasiera batean bajetan fijatzen zara, edo jendea falta duzula sentitzen duzu, baina gero, pentsatzen duzu dagoen jendea dagoela gelditu nahi izan duelako eta horiek direla honi aurrera tiratzen diotenak. Taldea neska guztien eta entrenatzaile fisikoaren eta nire artean egin dela uste dut, eta horrek balio gehiago ematen diola gauden jendeari. Taldean aurten ikusten dudan batasuna nabarmenduko nuke".

Taldea utzi duen arraunlari kopurua "garrantzitsua" izan dela uste du Francesek, eta arraunlariez gain, patroia aipatu du, eta horrek eragina izango duela aurreikusi du: "Urte asko zeramatzan patroiak [Nadeth Agirre] traineruaren popan, eta gauza horiek, printzipioz, igarri egin behar lirateke", esan du. "Beste klub batzuetan esan izan da gure taldea deseginda gelditu dela, baina lortu dugu berriz antolatzea eta aurrera egitea".

Neguan ondo lan egin dutela ere jakinarazi du Francesek, eta faboritoak ez izan arren, "talde lehiakorra" duela uste du eta estropada bakoitzean lehiatuko dutela, "lesioek errespetatzen bagaituzte behintzat".

Bajak eta altak

Nadeth Agirre patroiaren baja izan da ezagunena, baina zortzi arraunlarik ere utzi dute taldea, eta ez dira denboraldi honetan Oriorekin lehiatuko. Hau da zerrenda:

  • Nadeth Agirre
  • Maialen Aizpuru
  • Maddi Alkain
  • June Aranbarri
  • Marina Sofia Cosci
  • Leyre Garate
  • Helena Merino
  • Uxue Urra
  • Noa Viaño

Altak ere badaude taldean. Honakoak dira:

  • Claudia Armora (Flix, Tarragona, 2001)
  • Maider Etxaniz (Oiartzun, 2000)
  • Amaia Galdos (Ondarroa, 1994)
  • Aroa Gomez (Azkoitia, 2005)
  • Udane Hoyos (Aia, 1998)
  • Nagore Iturralde (Orio, 2004)

Zerrenda, osoa, berriz, hemen dago ikusgai.