Bi parapentezale itsasora erori dira, eta surflariek atera dituzte uretatik

Aitziber Arzallus 2024ko mai. 2a, 18:34

Uretara erori diren parapentistak, gaur Anilla hondartzan. (Utzitakoa)

17:15 aldera gertatu da ezbeharra, Antilla hondartzatik gertu. Orioko Surf Taldeko kideek uretatik ikusi dute ezbeharra, eta berehala bertaratu dira haiei laguntzera. Bi lagunak ondo zeuden arren, badaezpada ere erietxera eraman dituzte azterketa egiteko.

17:15 aldera bi laguneko parapente batek ezin izan du behar bezala lur hartu, eta itsasora erori da,  Antilla hondartzatik gertu. Surfean ari ziren Orioko Surf Taldeko kideek uretatik ikusi dute ezbeharra, eta berehala bertaratu dira bi parapentezaleei laguntzera. Hala, surflarien laguntzarekin uretatik onik ateratzea lortu dute.

Bi parapentezaleak ondo zeuden itxuraz, eta surf taldeko instalakuntzetan dutxa hartu dute, gorputza berotzeko. Hala eta guztiz ere, erietxera eraman dituzte, badaezpadako azterketa egiteko. Udaltzainak, Ertzaintza eta osasun langileak ere bertaratu dira hondartzara.