San Nikolas jaiak 2023

Kontzertuak herritarren esanetan

Erredakzioa 2023ko abe. 4a, 11:00

San Nikolas jaien barruan hainbat kontzertu eskainiko dituzte, eta horien inguruko iritziak eman dituzte hainbat herritarrek.

Iñaki Larrañaga, Trikizio taldeaz.

"Trikiti, folk, rock eta ska estiloak jorratzen dituen erromeria taldea da Trikizio, Xabi Arakamak sortua, Mari Arakama eta Maider Redondoren laguntzarekin, 1997an. Ibilbide luzea duen taldea da, hiru disko ditu kalean, eta erromeria ugari eskaini ditu urte luzez. Gaur egun, Olatz Aiartzaguena, Amaia Zabala, Imanol Jareño, Unai Martinez eta Iker Hernandez dira Trikizioko partaideak".

Iker Gurrutxaga, Janus Lester taldeaz.

"Pop musika, rocka, soula. Hori dena da Janus Lester eta, aldi berean, ez da. Kalitate handiko musikariz osatutako taldea da, eta duela urtebete kaleratu zuen lehen diskoa. Zuzeneko bikainak eskaintzen dituzte eta, hein batean, horren errudun Jokin Pinatxo da, askorentzat, egun, Janus dena. Berako abeslaria maiz izan da Orion kontzertuak ikusten, esaterako, iazko sanikolasetan, Willis Drummonden kontzertuan. Aurten, bera igoko da oholtzara, besteak beste, Gozategi taldeko bateria jotzaile Mattin Arbelaitzekin batera. Goza dezagun eta Ez gaitzala loak harrapatu!".

Naroa Andres, Joselu Anaiak taldeaz.

"Azpeitiko saninazioetan ezagutu nituen Joselu Anaiak. Gauean erromeria bat zegoela-eta azaldu ginen plazara, baina gaur egun horren ohikoa ez dena aurkitu genuen. Bost gizon, adinez helduak, egungo euskal abesti ospetsuak abesten, betidanik ezagutuko balituzte bezala. Uau! Txundituta gelditu nintzen. Sekulako giroa jarri zuten, eta kontzertu osoan ez ginen lehenengo ilaratik urrundu. Gerora jakin dut anaietako batzuek euskaraz ez dakitela, eta gure gurasoek ere euren doinuetara dantza egiten zutela; beraz, aitzakia ederra dugu festetan adin guztietakoak elkarrekin plazan dantzan jarduteko!".

Beza Ijurko, Zilibito Records taldeaz.

"17na urteko sei lagunek osatutako musika kolektibo oiartzuarra da. Trapa, pop punka, hyperpopa eta beste hainbat estilo uztartzen dituzte euskaraz. Eta horiez gain, bachata bat ere sartu dute beren lan berrian. Gaztea Irratiko maketa lehiaketa irabazi dute aurten, eta Berriz izeneko kantak arrakasta handia izan du. Oraindik ez dut taldea zuzenean entzuteko aukerarik izan, eta aukera paregabea izango dugu sanikolasetan, herrian izango baitira. Beraz, badakizu, animatu zaitez eta jar dezagun herriko plaza dantzan!".

Jon Agirresarobe, UT! taldeaz.

"Festak amaitzeko, arratsaldeko kontzertu bat nahi genuen, guztien gozagarri. Bestondoarekin —ajea beste gauza bat da— nostalgiko jartzen garela diote, eta aukera paregabea izango dugu aurtengo sanikolasetan. Berria da UT! proiektua; ibilbide luzeko musikariek osatzen dute, besteak beste, Ken7 taldeko Beñat Sernak, Jon Freskok eta Iñaki Zabaletak. Euskal kantu mitikoen bertsioak eskainiko dizkigute: Errobi, Itoitz, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Niko Etxart eta Hertzainak, besteak beste. Gabonen aurretik izango ez dugu ba eztarriko marranta? Kantatzeagatik izan dadila, behintzat".

Egoitz Dorronsoro, Ginger taldeaz.

"Zarauzko eta Orioko musikariz osatutako taldea da Ginger. Punk doinuak lantzen ditu, ahotsetan doinu melodikoak eta oihuak tartekatuz, 90eko hamarkadako rock gitarreroaren zertzeladekin. 2023ko azaroan atera dute Narras bigarren lana".

DJ Ibon, Danel Agirreren hitzetan.

"Ibon Insausti 40 urteko disko jartzaile zarauztar bat da. Gaur egungo musika jartzen du, ikusleak dantzan jartzea du helburu, eta gogoko du bere saioetan hainbat estilotako musika nahastea. Azken urteetan hara eta hona dabil; oraintsu aritu da Ortzaikan, San Martin festetan".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!