Bi lasterketa aukeran izango dira datozen bi asteburuetan

Andrea Zipitria 2024ko ots. 28a, 13:00
2023ko Aiako Mendi Lasterketa. (Arnaitz Rubio Aprea)

Aiako Mendi Lasterketa eta Zarauzko Mahasti Krosa izango dira datozen bi igandeetan. Bi kasuetan izena emateko epea zabalik dago oraindik. 287 eta 45 kirolarik eman dute izena gaur-gaurkoz

Datozen bi asteburuetan kirolari askok Urola Kosta izango dute jomuga. Izan ere, bi lasterketa jokatuko dituzte, asteburu bakoitzean bana. Gainera, biek ala biek natura eta mendiak izango dituzte ardatz. Aiako XII. Mendi Lasterketa eta V. Mahasti Krosa jokatuko dituzte, hain zuzen ere. 
Bost egun besterik ez dira geratzen martxoaren 3an, igandearekin, izango den Aiako XIII. Mendi Lasterketarako, eta oraindik ere bada izena emateko aukera, kirolprobak.eus atarian, hemezortzi euro ordainduta. Izan ere, gehienez ere 400 lagunek parte hartu dezakete proban, eta gaur-gaurkoz [atzoko egunez] 287 daude izena emanda. Hala, inskribatzeko aukera izango da ostiralera arte. Internet bidezko izen ematea itxiko da orduan, eta lekurik geldituko balitz, probaren egunean bertan ere izango litzateke izena emateko aukera. Kasu horretan, ordea, 25 euro ordaindu beharko dira dortsalaren truke.

Proba 10:30ean hasiko da; Aiako plazatik abiatuko dira parte hartzaileak, eta Pagoetako natur parkean barrena hamabost kilometroko ibilbidea egin ondoren,  hasitako leku berean bukatuko dute.

Mahasti Krosa

Astebeteko tartearekin, Talai Berri txakolindegiak antolatuta, bosgarrenez jokatuko dute Mahasti Krosa. Oraindik ere izena eman daiteke han parte hartzeko. Ohi bezala, herrikrosa.eus webgunean egin daiteke inskripzioa, hamabi euro ordainduta, eta dortsalik geratuz gero, egunean bertan ere eskuratu ahal izango da lasterketaren abiapuntuan, ordu erdi lehenago, hamabost euroan. Dena dela, gogora ekarri behar da proba horrek ere parte hartze muga duela, eta gehienez ere ehun lagun onartzen dituela. Momentuz, 55 lagunentzako lekua geratzen da [atzoko datua].

Txakolindegiaren aurrean hasi eta bukatuko da lasterketa, eta korrikalariek 7,2 kilometroko distantzia osatuko dute Talaimendiko parajeetan eta Talai Berriko mahastietan barrena. Proba 10:30ean hasiko da, eta azken edizioko ibilbide bera izango du.

Sari banaketa eguerdian egingo dute, eta kategoria bakoitzeko –emakumezko nahiz gizonezkoen maila– lehen hiru sailkatuentzat izango dira sariak: garaileentzat, txapela, Manu Urbietaren eskultura eta irabazlearen pisua adina Talai Berri txakolin botila; bigarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren koadroa eta sei botilako Talai Berri txakolin kaxa; eta hirugarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren koadroa eta hiru botilako Talai Berri txakolin kaxa. Bestalde, lasterketan parte hartzen duten guztiei Antton Olariagak diseinatutako kamiseta eta Talai Berri txakolin botila bana oparituko dizkiete. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!