Euskaraz bizi-bizi

Duela 20 urte bezala, euskararen gaineko bideo bat egingo du Orioko Udalak

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko ira. 19a, 09:39
"Euskaraz bizi-bizi" egitasmoaren barruan egingo dute grabaketa

Aurtengo udazkenerako, oriotarrek euskararekin izan dituzten emozioak, gogoetak, iritziak, bizi izandako uneak eta abar bilduko dituen bideo bat egin nahi du Orioko Udaleko Euskara batzordeak Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren barruan. Hala, bideoan parte hartu nahiko luketen guztiei gonbita luzatu die Udalak.

Grabazioa irailaren 27an eta 30ean egingo da. Horretarako herriko hainbat tokitan grabatzeko tokiak atonduko dira. Han izango dira guztia koordinatzen Jon Agirresarobe Euskara batzordeko burua eta Jabier Zabaleta euskara teknikaria. Herritarren esanak bildu, eta, ondoren, edizio lanak egindakoan, ikusgai jarriko da.

Udaletik esan dutenez, inportantea da bideoan era guztietako oriotarrak agertzea, adin, kolore eta joera guztietakoak eta, hortaz, gonbita egin nahi die herritar guztiei  parte hartzeko. Dena dela, izena aldez aurretik ematea beharrezkoa izango da, guztia ondo antolatu ahal izateko. Beraz, grabazioan parte hartu nahi duenak  Euskara Zerbitzura deitu beharko du irailaren 25a baino lehenago.

Euskaraz Gaztek 20 urte

Dagoeneko 20 urte pasa dira Orioko Udaleko Euskara batzordeak Euskaraz Gazte bideo arrakastatsua egin zuenetik. Herritarrek gogoz hartu zuten parte, eta Udalaren ustez 20 urte geroago, oraindik ere badaude arrazoiak euskararen aldeko diskurtso bat aldarrikatzeko.

Arrazoi hori izan da Euskaraz bizi-bizi egitasmoa martxan jarri duena. Euskararen erabilera areagotu nahi du Udalak Orion eta horretarako aldeko giroa sortu. Hori gauzatzeko bidean, besteak beste, herritarren ahots eta irudiak erabili nahi ditu Udalak: zenbat eta gehiago, hobe; zenbat eta diferenteago, nahiago.

Bitartean, hemen ikusi dezakezue duela 20 urte grabatu zuten bideoa:

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!