Erria txikota!

Berrerabilpena ematea helburu duen azoka

Karkara 2014ko ira. 12a, 09:55

Kilometroak 2014 Jaiaren alde Orioko plazan bigarren eskuko azoka egingo da mugikortasunarekin zerikusia duten materialak saltzeko eta erosteko

 

Datorren astelehenarekin hasiko da Mugikortasun Iraunkorraren astea, irailaren 15etik 22ra ospatuko dena. Kilometroetako Ingurumen eta Garbitasun Batzordeak bigarren eskuko azoka antolatu du astearen barruan, larunbatean, hain zuzen.

Herriko plaza sotoetako eta trastelekuetako gauzekin beteko da. Mugikortasunarekin zerikusia duten materialak jarri ahalko dira salerosten: bizikletak, kaskoak, patineteak, patinak, haurrak garraiatzeko motxilak, ume-kotxeak... Gauza horiei berrerabilpena ematea da azokaren helburua, hortaz, etxean alferrik dituzuen materialak saltzeko eta behar dituzuenak erosteko aukera egongo da Orioko plazan.

Materiala utzi eta bueltan jaso

Irailaren 20an, lehen orduan, salgai jarriko den materiala uzteko tarte bat egongo da. Azokan bildutako materiala salgai jarriko da, baina saldu ez den materiala berreskuratzeko edo materialaren dirua jasotzeko aukera egongo da. Materialaren salneurria norberaren esku geratuko da.