San Pedro jaiak

Arkupe elkarteak Berrerabili kanpaina abiatuko du sanpedroen bueltan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko eka. 24a, 09:00

San Pedroetan izango da abian Berrerabili kanpaina.

Berrerabili kanpainaren bidez, ekainaren 19tik 28ra herriko establezimenduetan erosten duten herritarrek aukera izango dute zinta bat eskuratzeko, festetako edalontzi berrerabilgarriak zintzilik eramateko.

Arkupe elkarteak Berrerabili kanpaina abian jarri du, eta bat egingo du San Pedro Jaien testuinguruan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko ekimenarekin. Udalak edalontzi berrerabilgarriak jarriko ditu herritarren eskura txosnetan, euro baten truke, eta ekainaren 19tik 28ra herriko establezimenduetan erosten duten herritarrek aukera izango dute zinta bat eskuratzeko, festetako edalontzi berrerabilgarriak zintzilik eramateko. Horrela, edalontzia lepoan zintzilik eramanda, jaietan sortzen den zaborra murriztu nahi dute.

Ekainaren 28an, Arkupek karpa bat jarriko du plazan, eta hilaren 19tik 28ra herrian egindako erosketa baten tiketa erakusten dutenek zinta eskuratuko dute doan. Gainera, egun horretan jasotako tiket guztien artean zozketa egingo dute: Arkupeko establezimenduetan gastatzeko 100 euroko bost bonu zozkatuko dituzte.