Azaroak 25

Indarkeria matxistak Orion tokirik ez duela aldarrikatuko dute herritarrek ostiralean eta larunbatean

Onintza Lete Arrieta 2023ko aza. 22a, 15:00

Artxiboko irudian, Orioko haur batzuk Azaroaren 25eko mobilizazio batean.

Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleek, ohi bezala, elkarrekin egingo dute Azaroaren 25aren harirako elkarretaratzea. Ostiral eguerdian elkartuko dira, plazan. Larunbatean, berriz, Arrantzale kaleko parkean izango da elkarretaratzea, Lourdes del Hoyo erail zuten tokian.

Aurtengo Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, berezia izango da Orion, urte erdia igaro baita Lourdes del Hoyo hil zuenetik haren bikotekide ohiak, maiatzaren 16 arratsaldean. Herria astindu zuen erailketa hark, eta Azaroaren 25 honetan, larunbatean, hilketa gertatutako tokian egingo dute elkarretaratzea herritarrek: Arrantzale kaleko parkean. Hantxe daude banku morea eta liburuak trukatzeko gunea Del Hoyoren omenez. Bilkura 12:00etan izango da.

Egun bat lehenago, ostiral honetan, ikasleak aterako dira kalera, eta haiek ere aldarrikatuko dute indarkeria matxistak Orion tokirik ez duela. Ohi bezala, elkarrekin egingo dute elkarretaratzea Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako ikasleek. Plazan da hitzordua, 11:30ean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!